Sarreraren irudia

Sarrera

Genero Berdintasuna kontuan hartuta egindako Aurrekontuen Nazioarteko Biltzar honek, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Genero Ikuspegia kontuan hartuta egindako Aurrekontuen Europako Sarearekin (European Gender Budgeting Network – EGBN) elkarlanean antolatuak, genero ikuspegia kontuan hartuta egindako aurrekontuen inguruko ezagutza zabaltzea eta hobetzea du helburu. Analisi estrategia honek ikuspegia aurrekontuak prestatzeko prozesuko maila guztietan aplikatu nahi du eta gastu eta zerga bilketa publikoak berregituratu nahi ditu, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatze aldera.

Genero ikuspegia kontuan hartuta egindako aurrekontuek baliabideen erabilera berrikustea dakarte, modu eraginkorrean erabil daitezen eta berdintasun helburuak gauza daitezen. Genero ikuspegia aurrekontuen analisia barneratzeak duen garrantzia ez dago, soilik, ekitatearen eta justiziaren xedeei lotuta, baizik eta baita gobernantza egokiaren, partaidetzaren, gardentasunaren eta kontuak ematearen xedeei lotuta ere.

Biltzar honetako egitaraua lau ponentzia nagusiren eta lau panelen inguruan egituratu da. Sarrerako lehenengo ponentziak politika publikoen eta horiek sortzen laguntzen duten gizarte ereduen arteko harremana erakusten du; horrek zuzeneko eragina du genero harremanen botere desorekan eta emakumeek eta gizonek eguneroko bizitzan dituzten aukerak baldintzatzen ditu. Horrek garbi uzten du baliabide publikoak erabili eta/edo biltzeko moduak zuzenean sustatzen edo bazterrarazten dituela genero berdintasunean izugarrizko eragina duten taldeko eta banakako jokabide jakin batzuk.

Jarraian, bigarren esparru ponentzian, genero berdintasuna kontuan hartuta aurrekontuak egiteko baldintzak zehazten dira eta, ahalmenen ikuspegiaren bidez, berdintasun horren edukia hainbat eremutan aztertzen da.

Gainerako parte-hartzeak barneratzen dituzten lau panelek aurrekontuak genero ikuspegia kontuan hartuta egitearen edo Gender Budgeting delakoaren aplikazioko alderdirik esanguratsuenak jorratzen dituzte:

  1. Nagusiki Europan eta, oro har, munduan une honetan dauden ekimen praktikoetako batzuk.
  2. Zerga politika, zergak jarri eta biltzeko estrategiak eta emakumeek eta gizonek baliabide ekonomikoak eskuratzeko dituzten aukerak.
  3. Administrazioen modernizazioa, kudeaketa publikoaren berrikuntza, gardentasuna eta emaitzetara bideratutako kontrola.
  4. Gizarte zibila erabaki politikoko, kudeaketako eta kontrol instituzionaleko prozesuetan barneratzea.

Ekitaldi honen helburua bai politikariek bai administrazio publikoetako teknikariek baita erakunde sozial eta akademikoek eta gizarte zibilak ere baterako hausnarketa egin ahal izateko foroa izatea da. Aurrekontu publikoaren bidez, sustatzen ari den gizarte eredua eta babesten ari diren balioak aztertzeaz gain, genero berdintasunaren alde eragin handiagoko alternatibak proposatzeko aldaketa tresna gisa ere erabil dezakegu.

Nazioarteko biltzar honen xede nagusia sistema patriarkalaren mekanismo diskriminatzaile eta azpiratzaileak gainditzea da, egitura publikoko eremu ekonomiko eta finantzarioaren analisi eremua zabalduta, bereziki, erabakiak errealitate bihurtzen diren eta lehentasun politikoak modu eztabaidaezinean islatzen diren faseetan.

Copyright © 2008 | Genero Berdintasuna zaintzen duten Aurrekontu Publikoak | Web gunearen mapa Valid XHTML 1.0 Transitional